Rachel Félix
Rachel Félix | |||
---|---|---|---|
1842 - 1849 | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Élisabeth Rachel Félix | ||
Jaiotza | Mumpf, 1821eko otsailaren 28a | ||
Herrialdea | Frantzia | ||
Heriotza | Le Cannet, 1858ko urtarrilaren 3a (36 urte) | ||
Hobiratze lekua | Père Lachaise hilerria Grave of Élisabeth Rachel Félix (en) | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia | ||
Familia | |||
Aita | Jacob Félix | ||
Ama | Esther Hayer | ||
Ezkontidea(k) | Alexandre Colonna-Walewski (en) | ||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||
Haurrideak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Parisko Kontserbatorioa | ||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Irakaslea(k) | Joseph Isidore Samson (en) | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | antzerki aktorea | ||
Enplegatzailea(k) | Comédie-Française Théâtre des Variétés-Amusantes (en) | ||
Izengoitia(k) | Rachel, Mlle Rachel eta Élisa Félix | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | judaismoa | ||
Elisabeth-Rachel Félix aktorea, Rachel edo Mlle. Rachel izenez ezaguna (Mumpf, Suitza, 1821eko otsailaren 21a – Le Cannet, Frantzia, 1858ko urtarrilaren 3a)[1] aktore tragiko handia izan zen, Sarah Bernhardt-en eredua.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elisabeth Rachelen aita Jacob Félix (1796-1872) izan zen, Metz-en jaiotako kale-saltzaile judua; eta ama, Esther-Thérèse Hayer (1798-1873), Gerstheim-en jaioa. Élisabeth Félix Mumpfen (Suitza) jaio zen. Familia Endingen-era (Argovia) zihoala, juduak onartzen zituen eskualdeko herri bakarrera, amak ezin zuenez aurrera egin, neka-neka eginda zegoelako, Mumpfeko ostatu batean gelditu behar izan zuten, eta bertan jaio zen Elisabeth. Bigarren alaba izan zen, Sarah-en ondoren, eta haien ostean, seme bat, Rafael, eta hiru alaba jaioko ziren.[2]
Oso familia pobrea zen: herri batetik bestera ibiltzen ziren, kalez kaleko saltzaile gisa, bizirauteko ezer gutxi irabazteko. Élisabeth Félix, gaztetan, Hirsingue-n bizi izan zen, Alsaziako hegoaldean, Sundgau izeneko herrialde tradizionalean (pays traditionnel de France).
Garai hartako hainbat familia behartsutan ohikoa zen bezala, aitak lanean jarri zituen seme-alabak haien diru-sarrerak emendatzeko: Élisabeth eta Sarah ahizpa nagusia, gitarra batez lagunduta kantatzen zuten bitartean, diru eskean ibiltzen ziren familiak, Parisa joan aurretik, korritu zituen herrietako kaleetan (Alsazian, gero Besançon-en, Lyon-en, Saumur-en…). 1831n Parisa iritsi ziren. Hasieran Mauvais-Garçons kaleko etxe prekario batean bizi izan ziren, eta gero Marché-Neuf plazan, Île de la Cité-n.
Analfabetoa izan arren, Élisabeth Félixek Alexandre-Étienne Choron musikariaren eta Saint-Aulaire aktorearen klaseak hartu ahal izan zituen, eta baita arte dramatikoko ikastaro batzuk ere Parisko Kontserbatorioan. Bere familiaren beharrak asetzeko, 1837ko urtarrilean debuta egin zuen Théâtre du Gymnase Marie Bell antzokian. Zuzendariak, Delental-Poirsonek, Rachel izen artistikoa hartzera behartu zuen, ordutik aurrera bere bizitza pribatuan ere erabiliko zuen izena.
1838ko martxoan, 17 urte besterik ez zuela, Théâtre-Français-en entzunaldi bat egin zioten, eta baita bertan onartu ere. Berehala lortu zuen arrakasta handia. Bere debutean, Pierre Corneilleren Horazio tragediaren Camilleren papera antzeztu zuen. Emanaldiaren lehen gauean 735 libera bildu zituzten eta hemezortzi egun geroago 4.889,50 libera.
Rachel Félixen interpretazioek laster famatu zuten aktorea, eta ikusleen maitazarrea ekarri zioten. Corneille, Racine eta Voltaireren tragedietako emakume heroien paperak antzeztean lortu zuen arrakastak tragedia klasikoa berriz ere modan jartzea eragin zuen, drama erromantikoa bazter utziz. Bere mendeko emakume famatuenetako bat izan zen, aktore eta emakume eredu berri bat sortu zuena. Horrela erretratatu zuen, beste batzuen artean, Jean-Auguste Barre eskultoreak.
Hala ere, paradoxikoa izan arren, nahiz eta talentu ukaezina izan zuen, Rachel Félix ez zen izan aho batez miretsia aktore gisa. Hala, Victor Hugok, "Rachel pasiorik gabe miresten zuenak", Frédérick Lemaître aktorea aipatu ohi zuen: "Rachel... perfekzioa, eta besterik ez!".[3]
1850ean, Prusiako erregeak, Frederiko III.ak, harrera egin zion aktoreari eta estatua bat eraiki zuen haren omenez Potsdametik gertu dagoen Île aux Paons uharteko gazteluko parkean. Monumentua, baina, naziek suntsitu zuten 1935ean.[2]
Victor Hugok miretsi egiten zuen, eta Gustave Flaubertek honela idatzi zuen bere jardunaz:
Zakarrenak hunkitu egiten ziren, traketsenei ere zirrara egiten zien, emakumeek txalo egiten zuten palkoetan, publikoak eskuak jotzen zituen eskularrurik gabe, aretoa ostikoka ari zen zoruan; eta lerro hauek arineketan idazten ditudan bitartean, oraindik ere aztoraturik eta liluraturik, nire belarrietan irauten du 'tragedienne' handiaren ahotsak eta begien aurrean haren imintzioak.
Alfred de Musseten lagun egin zen. Idazleak, 1839an, Rachelen deskribapen ederra egin zuen bere amabitxi Jaubert andreari idatzitako gutun batean. Idatzia Paul de Mussetek argitaratu zuen 1859an Un souper chez Mademoiselle Rachel izenburupean. Mussetek, aktorea hil ondoren, À Mademoiselle Rachel poema idatzi zuen. Honela zioen azken lerroetan: “Nire talentua zure lorian zegoen; nire kemena, zure begietan".
Londresen, Louis Napoléonekin, bi urte geroago Errepublikako presidente eta gero enperadore bihurtuko zenarekin, bildu zen. Maitasun harremana izan zuen Napoléon-Jérôme Bonaparterekin (Napoleon III.aren lehengusu germaniarra), eta baita Napoleon I.aren seme naturala zen Colonna Walewski kondearekin ere. Francisco de Orleans, Joinvilleko printzea (Luis Felipe erregearen semea), ere bere maitaleetako bat izan zen.
Rachel Félixek bi seme izan zituen: Alexandre (1844ko azaroaren 3a-1898ko abuztuaren 20a), Walewski kondearekin (Napoleonen eta Marie Walewskaren semea), eta Victor Gabriel (1848ko urtarrilaren 26a-1888ko urriaren 19a), Arthur Bertrandekin (Bertrand mariskalaren semea).[4]
Rachel 1858ko urtarrilaren 3an hil zen, 36 urte zituela, tuberkulosiak jota. Bere azken orduetan, Shema Yisrael otoitza errezitatzen aritu zen Nizako konsistorio israelitaren hamar ordezkarik lagunduta. Hilzorian zegoela, Sarah ahizpari eskatu zion Lazare Isidor Frantziako errabino handiari deitzeko, bere ondora etor zedin, baina beranduegi iritsi zen.[2][5]
Parisko Père Lachaise hilerriko sail juduan (7. dibisioa) dago ehortzirik. Kristautasunera konberti zedin presio handiak jasan arren, baita bere azken orduetan ere, arbasoen fedea gorde nahi izan zuen bizitzako hogeita hamazazpi urteetan.[2][6]
Antzeztutako obrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1837 : La Vendéenne, Parul Duportena (théâtre du Gymnase, apirilaren 24an); Le Mariage de raison Scribe eta Varner-en (théâtre du Gymnase, ekainaren 12n)
- 1838 : Camille, Corneilleren Horace-n (ekainaren 12tik irailaren 11ra) ; Émilie, Corneilleren Cinnan (irailaren 27an) ; Hermione, Racineren Andromaque-n (irailaren 4an); Aménaïde, Voltaireren Tancrède-n; Ériphile, Racineren Iphigénie en Aulide-en; Monime, Racineren Mithridate-n; Roxane, Racineren Bajazet-en (azaroaren 23an), onenetariko bat bere paperen artean;
- 1839 : Esther, Racineren Esther-en (otsailaren 28an); Laodice, Corneilleren Nicomède-n (apirilaren 9an) ; Dorine, Molière-ren Tartuffe-n (apirilaren 30ean);
- 1840 : Pauline, Corneilleren Polyeucte martyr-en (maiatzaren 15ean) ; udako lehen bira Frantzian zehar (Rouen, Le Havre, Lyon) ; Marie Stuart, Lebrunen Marie Stuart-en (abenduaren 22an);
- 1841 : udako bira Belgikan eta Ingalaterran;
- 1842 : Chimène, Corneilleren Le Cid-en (urtarrilaren 19an) ; Ariane, de Thomas Corneille-ren Ariane-n (maiatzaren 7an) ; udako bira Belgikan eta Ingalaterran; Frédégonde, Lemercier-en Frédégonde et Brunehaut-en (azaroaren 5ean) ;
- 1843 : Phèdre, Racineren Phèdren (urtarrilaren 21ean) ; Judith, Girardin-en Judith-en (urtarrilaren 24an); udako bira Rouen, Marseilla eta Lyon-en;
- 1844 : Bérénice, Racineren Bérénice-n (urtarrilaren 6an) (5 emanaldi); Isabelle, Corneilleren Don Sanche d'Aragon-en (urtarrilaren 17an) ; Catherine, Romand-en Catherine II-en (maiatzaren 25ean); Marinette, Molière-ren Le Dépit amoureux-en (uztailaren 1ean); udako bira Belgikan;
- 1845 : Virginie, Brest-en (uztailaren 3an); Polyeucte, Nancy-n (abuztuaren 25ean) ;
- 1846 : bira Herbehereetan, Liejan eta Lille-n (ekaina) ; bira Londresen (uztailean eta abuztuan);
- 1847 : la Muse sérieuse, Barbier-en L'Ombre de Molière-n (urtarrilaren 15ean) ; Fatine, Le Vieux de la montagne-n (otsailaren 6an) ; Racineren Athalie (martxoaren 5ean); bira Londres, Herbehereetan eta Liejan (maiatzean eta ekainean);
- 1848 : Horace (martxoaren 13an); bira Amsterdam-en (ekainetik urrira arte) ; Britannicus (urrian) ;
- 1849 : Andromaque (urtarrilean) ; Lesbie, Le Moineau de Lesbie-n (martxoaren 22an); Adrienne Lecouvreur (apirilaren 14an) ; bira Frantziako mendebaldean eta hego-mendebaldean (maiatzaren 29tik abuztuaren 31ra arte);
- 1850 : Mlle de Belle-Isle (urtarrilaren 25ean); Thisbé, Angelo-n (maiatzaren 18an) ; Lydie, Horace et Lydie-n (ekainaren 19an) ; bira Londres, Hanburgo, Berlin, Potsdam, Bremen, Viena eta Munich-en (uztailetik urrira arte) ;
- 1851 : bira ;
- 1853 : bira ;
- 1854 : bira Varsovia, San Petersburgo eta Moskun (urtarriletik apirilera arte) ;
- 1855 : bira New York-en, Estatu Batuetan eta Kuban (irailetik abendura arte).
Rachelen bizitzaren pasadizoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1840an, Madame Recamierren etxean Châteaubriand-i Rachel aurkeztu zioten. Idazlea, orduan 70 urte baino gehiago zituena, kexu agertu zen aktorea ezagutzean:
—Tamalgarria, benetan, batek hil behar duenean halako gauza eder bat jaiotzen ikustea. — Baina, bizkonde jauna, zenbait gizon ez dira inoiz hilko!— erantzun zion.[6]
Rachelen heriotzak, ustekabean, irudi-eskubideei buruzko jurisprudentzia garatzen lagundu zuen. Antzezlearen ahizpa Sarah-k Senako Auzitegi Zibilean helegite bat aurkeztu zuen Rachel bere heriotza-ohean irudikatzen zuen marrazki bat, eszenako argazki bat erabiliz egina[7], argitaratu zutela jakin zuenean.[8] Tribunalak, 1858ko ekainaren 16an, gai horri buruzko historiako lehen epaietako bat eman zuen.[9]
1851n, Charlotte Brontëk, Rachel Londresko Lecouter aretoan Adrienne antzelana jokatzen zegoela aprobetxatuz, bere editorearekin batera haren emanaldi batera joatea erabaki zuen. Handik gutxira, beste obra batean ikusi zuen, Horace-n, alegia. Agian, hura ez zen izango frantses aktorea interpretatzen ikusi zuen lehen aldia, Charlotte, 1842an Bruselan egon baitzen Rachelek La Monnaie antzokian zenbait emanaldi eman zituenean.
Bere garaikide gehienak bezala, Charlotte ere liluraturik zegoen aktorearekin, hainbesteraino ezen Villette bere azken eleberriaren Vashti pertsonaia bihurtzea erabaki zuen.[10]
Valencienneseko farfailezko arropa sarri janzten zuenez, XIX. mendean sortutako farfailezko ehungailuei eman zien izena: "Rachel makinak".[11]
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Rachel (Josef Kriehuber, 1850).
-
Rachel, grabatua (Marie Vaudouer?, 1911 baino lehen).
-
Villa Sardou (Cannes). Bertan bizi zen Rachel, 1857.
-
Rachel (Edmond-Aimé-Florentin Geoffroy).
-
Rachel Phèdre interpretatzen.
-
Rachel (Jean-Léon Gérômeren margolanaren argazkia, 1861).
-
Rachelen ustezko erretratua.
-
« Rachel » artikuluaren ilustrazioa, Brockhaus and Efron Jewish Encyclopedia (1906—1913).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Rachel Félix» artikulutik itzulia izan da, 2022-11-14 data duen 198670090 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-11-14 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ Cannet-eko heriotza agiria, 1. zk., 636/739.
- ↑ a b c d (Frantsesez) Elisa Rachel Félix, dite RACHEL. Site du Judaisme d'Alsace et de Lorraine - http://judaisme.sdv.fr+(Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- ↑ (Frantsesez) Lesclide, Richard. (1885). Propos de table de Victor Hugo. (Quatriéme édition. argitaraldia), 193 or. ISBN 978-2-01-187317-0. PMC 1348104363. (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- ↑ (Frantsesez) «Victor Gabriel Félix» archive.wikiwix.com (Espaces Traditions de l'Ecole Navale - Officiers et anciens élèves -) (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- ↑ (Frantsesez) Hamache, M.P.; Lévy, C.. «Elisa Rachel Félix, dite Rachel» Archives Juives, Revue d'histoire des Juifs de France 32/2, 1999ko 2. seihilabetea.
- ↑ a b (Frantsesez) Baldran, Jacqueline. «Juliette Récamier (II)Une éclatante maturité» Le blog de jacqueline baldran (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- ↑ (Frantsesez) Ader. «[RACHEL (1821-1858). Photographie (contretype... - Lot 123»] Ader (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- ↑ (Frantsesez) «Tombeau de Rachel» www.medias19.org (Presse et scène au XIXe siècle) (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- ↑ Tribunal de la Seine, 16 juin 1858, DP 1858.3.62 cité dans André Roux, La Protection de la vie privée dans les rapports entre l'État et les particuliers, Economica, Paris, 1983, p.12.
- ↑ (Ingelesez) Walker, Michael. (2013). Rachel, Queen of the Stage: Charlotte Brontë's 'Vashti'. Brontë Studies.
- ↑ (Frantsesez) «Rachel ou Mademoiselle Rachel (1821-1858), actrice de théâtre, 1858 | Paris Musées» www.parismuseescollections.paris.fr (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Louis Barthou, Rachel, éditions Félix Alcan, 1926
- Ariane Charton, Alfred de Musset, « Folio » bilduma (biografia), Gallimard, Paris, 2010.
- Agnès Akérib, Mademoiselle Rachel, l'étoile filante, TriArtis éditions, 2010.
- M-P. Hamache eta C. Lévy, « Elisa Rachel Félix, dite Rachel » in Archives Juives, Revue d'histoire des Juifs de France, 32/2. zk., 1999ko 2. seihilabetea.
- Rachel. Une vie pour le théâtre 1821-1858, erakusketaren katalogoa, Paris, Musée d'art et d'histoire du judaïsme, 2004.
- Frédéric Tournoux, Mademoiselle Rachel. Solitudes d'une tragédienne, éditions Glyphe, 2012.
- Eugène de Mirecourt, Rachel, Paris, 1854, J.P. Roret, 94 or.
- Anne Hélène Hoog, "La Marge, l'exemple et l'exception. Le Parcours d'Elisa Félix dite Mademoiselle Rachel", Romantisme, 2004/3, 125. zk.[1]